Jarduera 4

Nekazaritzako elikagaien arloan industria/merkataritza jarduera bat martxan jartzeko bideragarritasuna aztertzea.

Jarduera horren helburu nagusia Saint Mary Eskola baliabide ekonomikoez hornitzea da, bere iraunkortasunerako, hazkuntzarako eta hobekuntzarako. Garapen iraunkor eta eraginkor bat planteatzen da, honako eraginak izango dituena:

  • Jarduera ekonomiko eta industriala sortzea, Wukroko inguruaren ezagutzarekin batera.
  • Biztanleriaren garapena bideratzea, euren bizi-kalitatea hobetzea eta etorkizun hobe baten aukera izatea.
  • Eskualdeko baliabideen produktibitatea eta errendimendua hobetzea, eredu iraunkor bat jarraituz.
  • Jarduera arrakastatsuak sortzea, beste sektore batzuetara esportatzeko eredu bihurtuko direnak, edo beste eskualde batzuetara.

Jardueren deskribapena:

Burutuko den lehen jarduera Saint Mary Eskolarako diru sarrerak lortzeko dauden aukera desberdinak aztertzea izango da eta bakoitzaren bideragarritasuna. Hasiera batean hiru lan lerro daude:

  1. Saint Mary Eskolaren hezkuntza gaitasunak merkaturatzea:

Wukroko erakundeei (enpresak, instituzioak, etab.) euren langileen formakuntza ordainsaritua eskaintzea, hala nola:

  • Bertan kokatu nahi diren nekazaritzako elikagaien sektoreko eta ostalaritzako enpresei
  • Ostalaritzan eta sukaldaritzan heziak izan diren langileak behar dituzten eskualdeko hotelei, baita Addis Abebakoei ere
  • Herrialde osoko profesionalei zabaltzea Ostalaritza eta Gastronomia Eskolan ikasteko aukera.
  1. Katerin zerbitzuak eskaintzea:

Bertako erakundeei (enpresa, instituzioak, etab.) katerin zerbitzu bat eskaintzea. Horiek ahalbidetuko dira Ostalaritza eta Gastronomia Eskolan eraikiko den sukaldeari esker.

Langileak eskolako ikasleak izango dira, praktikan jarriko dituzte jasotako ezagutza eta baliabideak. Bezeroak izango dira:

  • Wukroko lodgea, edo kalitatezko sukaldaritza behar duen inguruko hotelen bat
  • Bertan kokatu nahi diren enpresak
  • Beste erakunde batzuk (beste eskola batzuk, apezpikutza,…).
  1. Nekazaritza elikagaien arloan industria eta/edo merkataritza jarduerak martxan jartzea.

Jarduera hauek baliabideak modu garrantzitsu batean sortzea dute xede nagusia eta, gainera, eskualdearen garapenean lagundu nahi dute industria eta ekonomia jardueraren hazkuntzaren ikuspuntutik, sortzen diren produktuei irteera emanez eta lanpostuak sortuz biztanleentzat.

Jarduera hauek azterketa sakonago bat beharra dute eta giza baliabide zein ekonomiko gehiagoren bideratzea. Horrekin batera, jarduera horiek babestu nahi dituzten enpresekin laguntza bidea zabaltzen da, edo, besterik gabe, Etiopiako eta Afrikako merkatuan sartu nahi duten enpresei ateak zabaltzen zaizkie. Momentu honetan bi aukera dira aztergai:

  • Intxaurrondotik Wukrora Elkartearen ardurapean egongo liratekeen kontserba-industria eta gaztandegia sortzea
  • Eskualdean Gipuzkoako enpresa baten kokapenean laguntzea.

Jarduera 3

Jarduera: Ostalaritza eta Gastronomia Eskola abian jartzea:

Wukron Ostalaritza eta Gastronomia Eskola sortu eta abian jartzea da Zaporeak Proiektuaren jarduerarik esanguratsuena. Wukron eta eskualdeko biztanlerian nabarmena denez nutrizioaren eta elikadura osasungarriaren inguruko ezjakintasuna, elikatzeko hezkuntza eskasari aurre egitea da ZAPOREAK Proiektuaren helburu nagusietako bat. Aldi berean, eskualdeko gastronomia eta ostalaritza sektoreak, gaur egun, aurre egin behar dio bertako jendearen heziketa faltari, honek eragin negatiboa baitu turismoaren garapenean eta ematen den zerbitzuaren kalitatean.

Jarduera honen garapenean Intxaurrondotik Wukrora Elkarteko adituen talde bat dago murgilduta eta haien gastronomia eta ostalaritza sektoreaz duten ezagutza eta esperientzia balore gehigarri dira ZAPOREAK Proiekturako.

Ostalaritza eta Gastronomia Eskola martxan jartzearekin bilatzen da:

  • Ostalaritzarako langile kualifikatuak heztea: sukaldaritza eta dietetika ezagutzak dituzten sukaldari profesionalak, zerbitzariak eta hoteletako kudeatzaileak.
  • Katerin zerbitzu bat ematea hezkuntza programaren baitan, ikasleek praktikan jar dezaten ikasitakoa, gainera, bertatik lortutako irabaziak Eskola eta Saint Maryra bideratuko dira.
  • Saint Mary Eskolako hezkuntza eskaintza zabaltzea, bere lana indartuz eta garrantzia handituz.

Jardueren deskribapena:

  • Hezkuntza programa osoa eta eskola egutegia zehaztea.
  • Etiopiako hezkuntza legeekin bat eginez ikastaroa ofizialki onartua izatea.
  • Beharrezkoak diren baliabideak zehaztea (irakasleak, instalakuntzak, dokumentazioa, etab.).

Jarduera 2

Jarduera: Saint Mary Eskolako sukaldea egokitzea eta hornitzea.

Jarduera honen xederik nagusiena sukalde industrial baten eraikuntza eta hornitzea izango da, honako helburu hauek lortzeko:

  • Saint Mary Eskolako Ostalaritza eta Gastronomia Eskolari zerbitzua eman.
  • Wukron eraikitzen ari den lodge-ari zerbitzua eskaini.

Nekazaritzako elikagaien arloko proiektuan lehen urratsetan produkzio faseetan laguntzeko.


Jarduera 1

Angel Olaranen misioaren sukaldea egokitzea eta hornitzea.

Elikatzeko baldintzak hobetze aldera, lanik garrantzitsuena, zuzenena eta errazena misioko otorduak prestatzen diren baldintzak hobetzea da. Gaur egungo misioko sukaldea txikia da eta ez dago bere baitan hartzen dituen pertsonen kopururako bazkaria prestatzeko egokiak diren etxetresnez hornituta.

Eginbeharrekoen zerrenda:

Lehenengo jarduera honetan sukaldea berritzea da helburua. Horretarako guneak berrantolatu eta zabalduko dira, eta etxetresna egokiz hornituko da, horrela misioko bazkariak baldintza egokietan prestatzeko aukera egongo da.

  • Gaur egungo sukaldea berritzea: guneen berrantolaketa, ur, gas eta elektrizitatearen instalazioa, etab.
  • Etxetresna berriak instalatzea.